Aramaioko udalak elkartasuna adierazi dio Aitor Montes medikuari

Pasa den osteguneko plenoan, Aramaioko udalak adierazpena onartu zuen Aitor Montesek, Aramaioko familia medikuak, jasandako jazarpenaren kontra; halaber, elkartasuna eta babesa helarazi zizkioten. Duela bi aste medikuak berak salaketa jarri zuen historia medikoetan euskara erabiltzeagatik jasotako hainbat mezurengatik. Izan ere, Debagoieneko ospitaleko anestesista batek mezu euskarafobo batzuk idatzi zituen Aramaioko paziente baten historia klinikoan.

Plenoan onartutako testuan adierazten da euskara dela Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta Euskal Erkidego Autonomoan gaztelaniarekin batera hizkuntza ofiziala, eta horrenbestez, lan eremuan euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu beharko litzatekeela. Horrez gainera, Aramaioko Udalak Debagoienako ESIari eta Osakidetzako Zuzendaritzari eskatzen dio Aitor Montesi euren elkartasuna eta babesa helarazteko, bai eta historia medikoa euskaraz idazteko eskubidea behar bezala jaso dezatela dagozkien arauetan, protokoloetan edota kode deontologikoetan.

Argazkia: berria.eus