Aramaioko udalak beste urrats bat eman du udal eraikinen deskarbonizazio prozesuan

Aramaioko udalak beste urrats bat eman du udal eraikinen deskarbonizazio prozesuan, gas galdara konbentzionalen ordez biomasaz elikatutako bero sarea instalatuz

Maiatzaren amaieran bukatutzat eman da Aramaixo Eskolako Biomasako galdara-gelaren instalazioa, propano-gasezko galdara konbentzionalaren ordez bero-sare txiki bati lotutako biomasa-galdara jarri baita, Haureskolaren eraikinari zerbitzua emango diona.
Proiektu hau gauzatuz, biomasa-galdara bidezko sorkuntza termikoko sistema bat eta haren banaketa-sarea (district heating) jarri dira martxan gertuen dauden udal-eraikinetan, instalazioaren errendimendua eta funtzionamendua optimizatuz.

Galdara instalatu eta martxan jartzearekin batera amaitu da proiektu honen lehengo fasea. Etorkizunari begira bigarren fase bat garatzea aurreikusten da, Aramaioko gainontzeko udal eraikinak ere bero sare honetara konektatu ahal izateko, honela, erregai fosilen menpekotasuna murriztu eta udalak larrialdi klimatikoaren inguruan duen konpromisoa berretsiz.

ldo horretan, energia termikoa lortzeko erregai-aldaketa bat egitean, gas propanoa bezalako energia-iturri fosil baten ordez biomasa bezalako energia-iturri berriztagarri bat jartzean, uste da nabarmenki auurerantzen dela deskarbonizazioko erronkan eta, ondorioz, eraikin publikoei lotutako berotegi-efektuko gas-isuriak murrizten.

Bestalde, gure udalerriaren ezaugarriak eta izaera ikusita, biomasa tokiko jatorriko erregaia izan daiteke, eta, beraz, aukera bat. Hau da, Aramaio landa izaerako udalerria da, baso-azalera oso handia duena. Ezpala (biomasa) erregai gisa lortzeko beharra aukera bat izan daiteke enplegua sortzeko eta tokiko ekimenak egiteko, betiere baso-kudeaketa iraunkorreko irizpideei jarraiki, baita eraldatzeko, biltegiratzeko, banatzeko eta merkaturatzeko.

Energia berriztagarrien instalazio berri bat

Aramaion, udal eraikinetan, energia-ekoizpeneko beste instalazio batzuk ditugu iturri berriztagarrietatik abiatuta, eta horiek agerian uzten dute Udalak konpromisoa hartu duela erronka klimatikoei aurre egiteko eta trantsizio energetikoan aurrera egiteko.

Horren adibide da frontoiko estalkian egindako autokontsumorako instalazio FTVkoa.

Euskal Energia Erakundeak (EEE) diruz lagundutako proiektua

EEEk diruz lagundu du proiektua, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren eta Europar Batasunak, NextGenerationEUk eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak finantzatutako Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez, eta 271.500,00 euroko dirulaguntza eman du.

Proiektuaren guztizko kostua 549.256,69 €-koa da, eta, beraz, % 49 inguruko finantzaketa lortu da laguntza-programa horri esker.

Albiste gehiago →