Aramaioko Udalak Besaideko lursailaren dohaintza onartu du

Apirilaren azken plenoan aspalditik datorren gaia jarri zen mahai gainean: Besaide mendiko lursailen doako lagapena muga egiten duten udalerriei, tartean Aramaiori.

Kontua da, Euskal Mendi Federazioak erosi egin zituela, duela hogeita hamar urte inguru, Besaide mendiko hainbat lursail, hain zuzen ere, hildako mendizaleen oroigarriak (zaharra eta berria) aurkitzen diren inguruko lursailak. Hasieratik, federazioaren asmoa izan da, tokiaren izaera publikoa bermatzea eta gaur egun euskal mendizaleentzat duen esanahi eta berezitasunari iraunkortasuna ematea. Hartara, lur sailen doako lagapena egin nahi die bertan muga egiten duten udalerriei.

Salerosketa egin zen, bere garaian, zegokion jabearekin eta, baita ere, dokumentu pribatuan jasoa izan zen. Haatik, eskritura publikoa egiterako orduan, ezin izan zen aurrera jarraitu, jabeen legezko ordezkaritza arazo batengatik.

Oraingoan, hainbat izapideren ondoren, gaia bideratuko duen urratsa emateko prest dago. Notaritzan prestatu den eskritura publiko zirriborroarekin bat, izapide bakarrean egingo dira, lehenik, jabearen jatorrizko lursailetik segregazioa; eta, bigarrenik, Aramaioko Udalari doako lagapena.

Sortuko eta lagako den lursailaren ezaugarriak dira:

Azalera: 62.790 m2

Kokapena: Aramaio.

Mugakideak:

  • Iparraldetik: Bizkaiko lurralde historikoaren muga.
  • Hegoaldetik: jatorrizko lursaila.
  • Ekialdetik: Gipuzkoako lurralde historikoaren muga.
  • Mendebaldetik: jatorrizko lursaila; Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoen mugak.

Nabarmentzekoa da, lursailetik igarotzen dela udal bide publiko bat, hain zuzen ere, Aramaioko Udal landa bideen inbentarioan BESA-01 izendatutakoa.

Bestalde, lagatzen den lursail horretan kokatua dago, Euskal Mendizale Federazioaren enkarguz, Yoshin Ogata eskultoreak egindako oroigarria. Federazio hori arduratuko da aipatutako oroigarriaren mantentze eta zainketa lanez.

Albiste gehiago