Aramaioko IV. Kopla Txapelketa ostiralean
Arratsaldeko 18:30etan hasita, bi fasetan jokatuko da txapelketa: 18:30etan Goiko Taberna zenaren parean elkartuko dira hamar bertsolariak, eta trikitilariek lagunduta lehen ariketak kalean egingo dituzte. Bigarren fasea, finala, Aramaioko Eskolan jokatuko da, bertako jangelan afalduko baitute parte-hartzaile eta bertsozaleek. Afarirako txartel guztiak salduta daude. Musikariek lagunduta, hamar bertsolariak hasiko dira kantuan, eta bi bertsolari sailkatuko dira buruz burukora. Bi saioak aurkezteko ardura Aitor Ugarte eta Olatz Zuazubiskar bertso-eskolako kideek izango dute.
Hamar bertsolari hauek arituko dira kantuan: Eneritz Artetxe (Azkoitia), Etxahun Lekue (Larrabetzu), Jexux Mari Irazu (Larraul), Jon Mata (Antzuola), Maddi Ane Txoperena (Lesaka), Maialen Akizu (Urretxu), Maider Altuna (Arrigorriaga), Saioa Alkaiza (Iruñea), Unai Anda (Zuia), Unai Izagirre ‘Attola’ (Azkoitia).
Laugarren aldiz egingo da Aramaioko Kopla Txapelketa. Urtero moduan, Aramaioko Bertso-Eskolak eta Aramaioko Udalak elkarlanean antolatu dute txapelketa. Aurreko hiru edizioetan, Maider Arregi oñatiarra eta Xabat Illarregi leitzarra izan dira garaikurra etxera eraman duten bertsolariak; azken hau birritan izan da garaile.