Aramaio ezagutu

Mariarka (Barajuen)

Historiaz betetako ibilbidea, Azkoaga eta Barajuen auzoak zeharkatuz.

Ibilbide hasieran Salaberriko Agestoia kokatzen da. Basoak kudeatzeko era ezberdinen interpretazio gune bat da baso hau. Aldapan gora jarraitu eta Santa Ageda ermitara doa bidea. Bailarako ikuspegi ederrak ditu eta Azkoagako auzotarrek bertan egiten dute San Juan sua.

Azkoagako eliza ondoan panel panoramiko bat dago. Argazki panoramiko bat eta bertso bat aurkituko dituzue bertan.

Oinez jarraituta Barajuen auzoa dago, bertan kokatzen zen Aramaioko jauntxoen dorretxea. Eliza aurrean dagoen arteak garrantzia izan du bailarako historian. Aurrera jarraituta, Mariarka tontorrera doa ibilbidea. Jatorri ezezaguna duen izena da Mariarka. Jesus Mari Elejaldek eginiko ikerketen arabera Mariren Kutxatik etorri daiteke. Agian, inguru honetako eraikinen bateko kutxa baten Andra Mari baten irudia gorde zelako dio Elejaldek. Mariarka ingurutik Ibarrara jaitsi eta bertan bukatzen da ibilbidea.

Tontorraren azpian daude garai batean arropa garbitzeko erabiltzen ziren harrizko askak (harraska). Ametibar izenarekin ezagutzen den parajean daude. Bi putzuak ondo daude, baina arropa igurzteko lau harriak falta zaizkio. Gutxigorabehera 1960. hamarkadaren bukaera arte erabili ziren, Barajuen auzora ura eraman arte.

Informazio praktikoa