Aramaio ezagutu
Eraikinak (Higiezina)
Ondare higiezina
Aramaioko ondare higiezina oso aberatsa da (lekuak, ingeniaritza lanak, eraikin industrialak, monumentu historikoak,…) Atal honetan aukeraketa txiki bat egin da, nahi duenak argitalpenak atalean informazioa gehiago topatu dezake herrian aurkituko dituen altxorren inguruan.
Inguru eder batean dago, Eguzkierripa auzoan, eta XVI. mendean dago dokumentatuta. Andra Mari kofradia arduratzen da bera zaindu eta mantentzeaz eta iraileko bigarren igandean ospatzen du festa handia, kofrade guztiekin.
Kofradiari buruz
Kofradia zertarako sortu zen? Batetik, Ama Birjinaren bitartez Jainkoa gurtzeko; eta, bestetik, kofradeak hiltzen zirenean heriotzak ekar litzakeen gastuak arintzeko eta etxekoei laguntzeko.
Sortu zenetik, hainbat aldaketa izan ditu kofradiak. Hasierako batean Cofradia de los Hijosdalgo zen izena; eta, 1845ean kofradia edozeinentzat zabaldu zuten.
Ondarea
Kofradiak hainbat ondare zituen: baseliza eta inguruetako zelaiak, esaterako. Bada, XIX. mendean konturatu ziren desamortizazioak zirela-eta, ondare horiek jabetza pribatura pasatzeko arriskua zegoela; hala, Udalarekin ezkutuko hitzarmena egin zuen kofradiak eta ondare horiek Udalaren izenean ipini zituzten.
1948an, orduko alkate Lasagak, Udalaren izenean onartu zuen desamortizazioak tarteko operazio hori egin zutela baina ondare horien jabea kofradia dela.
500 urte
Ibabeko Andra Mari kofradiak 500 urte baino gehiago ditu. Bere ibilbidea jasotzen duen liburua argitaratu zen 2015. urtean.
Burdinolak burdina mineraletik atera eta tratatzeko lantegiak dira. Haizearen indarrarekin lan egiten zutenak “haizeolak” daude alde batetik eta uraren indarra erabiltzen dutenak daude, hidraulikoak, beste alde batetik. Haizeolak paraje menditsuetan kokatzen ziren, eta hidraulikoak ibarretako erreka ondoetan. Haizeolen aztarnarik ia ez daukagu, zepak aurkitu diren lekuetan egongo zirela suposatzen da. Zepa minerala erre ondoren gelditzen den hondakin solidoa da.
Bi garaitakoak dira burdinola hidraulikoak: Erdi Arokoak eta XVIII mendekoak. Erdi Aroan zehar Aramaio Araba barnean ez zenez kokatzen, burdinola gehiago izan ahal zituen (Araban errege ordena batek debekatu egin zuen hauen eraikuntza). Erdi Aroko burdinolen aztarnarik ez da iritsi; gaur egun XVIII mendekoen aztarnak iritsi zaizkigu. Garai honetakoak dira baita sutegiak, burdina erraminta bihurtzeko lantegiak. Ibarra auzoa Aramaio errekaren alboetan ugaritu ziren sutegien inguruan joan zen egituratzen.
Aramaion 7 burdinolaren aztarnak topatu daitezke. (Informazio gehiago nahi duenak argitalpenak atalean du bibliografia) Oletako Aurtola burdinolak monumentu izendapena du. https://www.euskadi.eus/app/ondarea/eraikita-ondarea/aurtola-burdinola/burdinola-hidraulikoa/aramaio/oleta/fichaconsulta/3223
Aisialdiari lotutako elementua da. XVI mendean jada badaude bola-jokoaren inguruko erreferentziak. Dirudienez, XX mendearen bukaerara arte gizonezkoek zeukaten boloetan jokatzeko pribilegioa, XX. mendea bukatu ahala emakumeak ere hasi dira parte hartzen bolo-jokoetan. Araban boloetan jokatzeko era asko daude, 1965ean federazio bat sortu zen jolas hau probintzia mailan arautzeko.
Normalean igande eta jai egunetan aritzen ziren jolasean. Gaur egun, Aramaion, festa egunetan bakarrik jolasten da normalean. Zerupean dauden bolatokiak eta eraikin baten barruan kokatzen direnak daude. Aramaion 4 bolatoki daude katalogatuta: Etxaguen eta Untzillakoak estaliak dira eta San Kristobal eta Uribarrikoak aldiz aire librekoak. San Kristobalekoa eta Uribarrikoa jaietan, uztaileko bigarren asteburuan eta abuztuko lehenengoan (San Esteban egun aurreko edo osteko asteburuan) hurrenez hurren, garbitzen dira lehiaketa bat egiteko.
Errotak alea ehotzeko erabiltzen diren tramankuluak dira. Atal honetan eraikinei egingo zaie erreferentzia, uraren laguntzarekin alea txikitzen duten eraikinei. Erdi Aroan zabaldu zen urezko errota hauen erabilera. Aramaion, dokumentuen arabera, 23 errota egon dira historian zehar. Gehienak aurri egoeran edo etxebizitza edo beste erabilera baterako eraikin daude bihurtuta. Etxaguengo errotari buruzko berri zaharrena 1640koa da, gaur egun jabetza publikokoa da, baina ez dago ikusgai publiko orokorrarentzako.
Goikoerrotako zentral elektrikoa (Andra Mari-karobia ibilbidean aurretik pasatzen da) atal honetan sartzen da. Gaur egun ukuilu bezala erabiltzen da.
Historikoki Aramaiok ermita asko izan ditu, XX. mendearen hasieran 60ra iritsiko ziren, auzoz-auzo sakabanatuta. Horietako asko desagertu dira edo oso hondatuta daude gaur egun. Beste batzuk auzolanean errekuperatu dira eta egoera onean mantentzen dira.
Oro har, eraikuntza sinpleak eta gehiegizko apaintasun artistikorik gabeak dira. Txikiak eta arkupe txikikoak dira gehienak.
Ermita aipagarri batzuk
Haranean dioten debozio eta duen tradizioagatik, Ibarran dagoen Ibabeko Andra Maria baseliza aipatu beharra dugu. Ingurune ederrean dago kokatua eta XVI. mendean dago dokumentatua. Aramaioko haraneko Jauntxoen Kofradia bertakoa dugu. Kofradia gaur egun ere bizirik dago eta irailean ospatzen dute kofrade eguna.
Marixekakoa ere oso egoera onean mantentzen da gaur egun. Krutzeta gainean kokatuta, XVI. mendean dago dokumentatua, konponketa asko bizi izan ditu. Gerrate zibilean, esate baterako, hondatuta geratu zen. Egungo baseliza (hirugarren konponketa) 1981ekoa dugu. Bertako erromeria irailaren lehenengo igandean ospatzen da.
San Kristobalekoa bilarako ezagunenetako beste bat dugu, Krutzeta gainetik hurbil. San Kristobalekiko gurtza eta festa XVI. mendearen erdialdetik dago dokumentatua. Bertako erromeria uztailaren bigarren igandean ospatzen da, hainbat ekitaldirekin: herri-musika, dantzaldiak, kirolak, herri-jana eta abar.
Santikurtz ermita Arangio mendiaren bizkarrean kokatzen da. Etxango atxetan 20 metro koadro eskas ditu, manposteria hormak eta bi isurialdeko teilatua. Barruan, eskultura erromanista erakusten du. Etxaguengo ermita honek badu historia liburuetan ere aipamena. 1556. urtean Martin Gil lizentziatuak bere bisita liburuan jasotzen du eta beste liburu batzuetan aipatzen da Aramaioko Udalak eta Etxaguengo auzoak eraiki zutela ermita. Argi dagoena da auzolanean berritu dela behin baino gehiagotan eta horri esker erakusten duela egungo egoera paregabea. Azken konponketa 2009. urtean egin zen.
Sastiña ermita, plaza erdi-erdian kokatuta, garrantzi handikoa da historian zehar, batik bat bertan kokatu zelako artxibo munizipala. Egungo ermita Udalak eraiki zuen 1681 urtean bigarren parrokia bezala, lehena Zalgokoa izanik.
Hauez gain, badira beste hainbat zutik egonda, itxura nahiko ona dutenak: San Adrian, Santa Ageda, San Pedro, San Miguel, San Bartolome, Santiago...
Plazako sarreran kokatuta eta jabetza publikokoa, eraikinak ez du berezitasun handirik baina Aramaioko bizimoduan berebiziko garrantzia izan zuen garai batean, bertan kokatzen baitzen hiltegi munizipala.
1940ko hamarkadan, esate baterako, ohikoa zen baserritarrek oinez ekartzea sakrifikatu beharreko ganadua hiltegiraino. Iritsi ahala, kanpoan egoten ziren zain. Baina ez ziren bakarrik behiak sakrifikatzen, txerriak, ahuntzak eta ardiak ere bertan akabatzen ziren.
Udal artxiboa kontsultatuta, bitxikeria modura, 1941eko ordenantzetan jasota dago hiltegian ganadua sakrifikatzeagatik ordaindu behar ziren tasak: 1,5 pezeta eta 0,25 pezeta artean kokatzen zen, anialiaren arabera. Eta tasa hauek luzatu ziren denboran eta artxiboan jasotzen den bezala 1964. urtean ere araudi bera zegoen indarrean.
- Hiltegia-ordenantza (1941)
Gaur egun, eraikin honetan kokatzen da udal artxiboa (lehen solairuan) eta ekonomatoa (beheko solairuan).
Karegileen lanbide zaharra XX. mendean desagertu bazen ere, karobiak geratu zaizkigu gure herrietako soro eta bide bazterretan, garai bateko lan eta nekeen lekuko geldi eta isil. Abandonatuak, ahaztuak ditugu ordea, eta ondotik igarotzean ez gara konturatzen zer diren edota zertarako erabiltzen ziren. Gehienak, antzinako eraikin hauek, sasi artean erabat desagertu dira.
Herri lanbide honek utzitako ondare hori berreskuratu eta ezagutzera emateko asmoz, Aramaion Karobi kultur taldea sortu zen 2001ean. Beraiek bultzatu zituzten Aramaioko karobiak berreskuratzeko ekimena.
Karobi motak eta karegintza
Aita Gabirel Jauregi (1985-1945) aramaioarrak aipatzen duenez, karobia egiteko bost metroko sakonera eta hiruko zabalera duen zuloa egin behar da. Kare egite lanak errazteko, komeni da karobia muna edo aldats baten alboan egitea. Zuloa eginda, hormak harearriz edo adreiluz hartu beahr dira eta hiru atea irekita utzi: goian harria sartzeko, azpian arnasa hartzeko eta bestea alboan, egurrak sutara botatzeko.
Aramaioko karobiak
Garai batean zenbait egunetan Aramaioko bailarako bazterrak kez estaltzen ziren eta kare errearen usaina alde guztietara barreiatzen zen. Izan ere, garai batean lurra gozatzeko kare beharra horren handia zenez, ia baserri guztiek zeukaten karobiren bat euren lurretan.
Hain zuzen ere, Karobi kultur taldeak burututako ikerketak eman digun ondoriorik deigarriena horixe da, zein ugari diren Aramaion eraikin hauek, nahiz eta gehienak ia desgertuak egon.
Gainera, karobiak erabiltzeari utzi zaionez, soro eta bide bazterretan ahaztuta geratu ziren eta azken aldi honetan, ez zaie inolako garrantzirik eman.
Kultur taldeak Goiko Errotako karobia berritu eta egokitzeko lan handia egin zuten eta lana ezagutzera emateko erakusketa eta hitzaldia ere antolatu zen. Bera bisitatzeko ibilaldia ere zehaztu zen: plazatik atera eta Ibargoia kalean gora abiatuta.
- Kontsultatu: IBILBIDEA
Ibarra eta Arexola auzo artean dago kokatuta, eta izen bereko muinoan dagoen San Pedroren omenezko ermita da. Oraindik ere aztertu gabe dagoen Erdi Aroko ehorzketa gune bat du bere ondoan. Bailarako tenplu zaharrenetako bat dela uste da. Egungo eraikina 1744koa da eta 1995ean berriztu zuten.
Gaur egun Ibarrako eliza nagusia da, auzoaren erdigunean kokatzen dena. Ibarra auzoko eliza hasiera batean Zalgon zegoen kokatua (gaur egun hilerria dagoen lekuan). 1786an Zalgoko elizaren egoera txarra zela eta, eliza berria herrigunera eramatea erabaki zuten. 1808an hasi ziren lanak eta 1823an egin zuten lehenengo bataioa. Garaian ohikoa zen bezala estilo neoklasikoko eraikin bat da, hau da, tenplu erromatar edo greziar baten itxura dauka.
1742an eraikitako eraikin barrokoa da. Beste udaletxe askotan bezala, hasieran bertan zegoen alondegia, artxibategia eta kartzela. Nahiz eta hasieran ondoko Sastiña ermitan zegoen erlojua, 1822an udaletxean kokatu zuten erlojua. Bi erloju izan ditu udaletxeak, horietako bat udaletxe atzeko erreka gaineko zubian dago ikusgai. 1987an erloju elektroniko bat jarri zuten.
Udaletxea eraiki arte bilerak Barajuengo Artearen azpian edo gaur egun udaletxe aurrean dagoen Biztente Goikoetxea plazan ospatzen ziren Sastiña ermita aurrean, baita Ibarrako ospitale zaharreko gela batean ere.