Betidanik egon da Aramaion musikarekiko tradizio handia. Belaunaldiz belaunaldi trasmititu den tradizioa da, etxe barruan zein kalean. Historiari errepasoa eginez gero, badira herriaren izena maila gorenean jarri duten musikariak. Eta asko dira gaur egun ere maila berean daudenak.
Bixente Goikoetxea
Aramaion jaio zen 1854ko apirilaren 5ean eta Valladoliden hil zen, 1916ko apirilaren 9an.
Zuzenbide ikasketak egin eta hainbat enpresatan legegizon moduan aritu zen, musikarako grina bide batez lantzen zuelarik, hogeita hamabost urte zituela apaiz izateko erabakia hartu zuen aurretik. Valladolideko katedraleko musika zuzendaritza 1890an oposaketan irabazi ondoren, eliz kantagintzaren duintasuna zaintzea izan zuen amets. Goikoetxea izan zen XIX. mendean gainbehera nabarmena jasandako eliz musikaren berreskuratzaile nagusia. Obra asko konposatu zuen, denak erlijioso arloan sortuak.
Guztiz pertsonal eta bere-berea zuen musika egiteko era. Bere armoniari euskal musikarien sena zerion eta, doinu iturri aberatsa erakutsiz, ezin hobeto darabil kontrapuntu klasikoaren zorroztasuna, Gasteizko apaizgaitegia da haren musika-eskubideen onuraduna.
Aramaioko parkean du bere omenez egindako irudia, Lorenzo Askasibar eskultorearen lana.
Lorenzo Askasibar Arana (Elgeta, 1930) gipuzkoar eskultore figuratiboa da. Estilo naturalista klasikoa landu du ugari, eta Estatu Batuetako bere egonaldian hilerrietako artelanak egin zituen. 1970eko hamarkadaren hasieran Estatu Batuetatik itzultzean, Euskal Herriko orduko joeren eragina izan zuen. Gaur egun Gasteizen dauka tailerra eta bizilekua. Askasibar, euskal eskultore klasiko handien eskolaren azken ordezkaritzat jo daiteke.
Bizente Goikoetxea omentzeko eskultura hau, 1955ean egin zuen. 2016an eraberritu eta inauguratu zen ekitaldi publikoan. Ordutik herriko parkean dago kokatuta.
Pedro Ignazio Barrutia
Pedro Ignacio, de Barrutia Aramaion jaio zen 1682ko uztailaren 3an. 1759.an Arrasaten zendu zen
Aita Pedro Alonso de Barrutia y Salinas zen, arrasatear goi mailako sendi baten semea. Ama, berriz, Katharina Basagoitia Olabide, Aramaioko baserritar sendi txiro baten alaba. Gurasoek hemeretzi urte zituzten Pedro Ignacio jaio zenean. Ez dakigu ezer Pedro Ignacioren haurtzaroaz, ezta urte haiek non eman zituen ere. Gurasoak ez ziren inoiz elkarrekin bizi izan, aita erlijiosoa zelako -Salamancako Sancti Spiritus parrokiako bikario eta apaiz izatera heldu zen- eta ama gurasoen baserri ilunera betiko itzuli zelako. Aita gazte hil zitzaion, hogeita hamasei urterekin eta bere ondasun guztiak semearentzat utzi zituen testamentuan. Ama, aldiz, laurogei urte zituela hil zen, jaio eta bizi izan zen bezain pobrea.
Aitaren testamentutik kanpo Pedro Ignacioren gain dugun lehen albistea 1710ekoa da, bere burua Arrasateko Udalari eskaintzen dionean, udal eskribauaren karguaz jabetzeko. Eta eskaria onetsita, udal idazkaritza betebeharretan aritu zen Barrutia 1753ra arte. Tarte luze horretan esku zuzena hartu zuen Arrasateko bizimoduan, ez bakarrik udal kontuei zegokienez, beste hainbat esparrutan ere bai baizik. Beraz, 28 urteko gazte hezitua zen Barrutia Udaletxera heldu zenean. Non ikasi zuen? Hori ez dago, orain arte bederen, esaterik eta galde ikurrarekin segitu beharko du eskribauaren formazioari dagokion arloak. Benetan garrantzitsua izango litzateke Pedro Ignaciok zer eta non ikasi zuen ezagutzea. Aurkikuntzak argi dezente emango lioke, Actto para la noche buena-ren inguruan orain arte den iluntasunari.
Sabin Salaberri Muñoa
Aramaion jaio zen 1934ko abuztuaren 20an, kide ugariko sendi batean. Aramaioar gizarte txikitxo hartan aurki piztu zitzaion musikarako zaletasuna, lehen notak -normala den moduan- herriko organo jotzaileari esker ikasi zituelarik. Txikitatik, beraz, uztartu zituen eliza eta musika, eta bide horretatik abiatuta Gasteizko apaizgaitegira heldu zen, apaiz ikasketa egiteko asmoarekin. Baita ikasketak amaitu ere. Teologian Lizentziaduna da, Historia adarrean, eta “Vicente Goicoechea y Errasti, renovador de la música religiosa española” lanarekin lortu zuen titulua.
Karrerako gaiez gain, ikasketa musikaletan barrena egin zuen gogoz eta goi mailako titulazioa erdietsi zuen, pianoan eta musika konposaketan. Bi ikuspuntutatik bizi du musika: batetik, musika konposatzen du eta abesbatzekin oso lotura sakona du, bai zuzendari izan delako, bai abestiak idazten dituelako. Bestetik, irakaslea ere bada eta bere lanari esker, gaur egun musikari apartak aurkitu daitezke.
Apaizgaitegiko “Schola Cantorum”-aren zuzendaria izan zen 1960tik aurrera. Gasteiztar lagun batzuek 1968an Araba Abesbatza sortu zuten eta Sabini eskatu zioten zuzendaritza artistikoa.
Hamazazpi urtez ere luzatu zen bere erlijioso-bizitza eta tarte horretan irakaskuntzan izan zuen ofizioa, apaizgai berriei klaseak ematen Gasteizen, eta apaiz izateari utzi zionean ere irakasle gisa ihardun zuen, lehendabizi arabar hiriburuko Olabide Ikastolan eta 1975etik Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Bertan, Carmelo Bernaola Gasteizko musika eskolako zuzendaria zela, ikasketa buru izendatu zuten Sabin.
Egin duen lanaren aitortza ere jaso du: 1998ko uztailaren 22an Aramaioko seme kuttun izendatua izan zen, eta 2006an Urrezko Zeledoia eman zitzaion.
Bere ibilbide musikala eta egin dituen lanen bilduma argitaratu du "Sabin Salaberriren lanak" izeneko liburuxkan.
Beste batzuk
Musikak osasun bikaina du azken urteotan Aramaion. Asko dira herri honek sortu dituen musikari gazteak, batzuk ospe gehiago lortu dutenak, beste batzuk beste arlo txikiagotan mugitzen direnak. Musika lasaia edo melodikoa, rock doinuak... denetarik!
Aipamen berezia merezi du 2020ko maiatzean (Covid-19ak eragindako konfinamenduan) herriko musikariak batu zituen Aramaixo musikaz blai! / Aitormena (Hertzainak) proiektua.
Musika hitzorduak
Horrez gain, musikaren lotuta hitzordu bereziak ospatzen dira urtero Aramaion:
Musika astea. Maiatza-ekaina bitartean ospatzen da eta Musika eskolaren bitartez kudeatzen dira ekintzak: kontzertu eta emanaldiak, filmak...
Udaramaio. Ekaineko eta iraileko ostiraletan egiten dira kontzertuak plazan. Eguraldiak laguntzen duenean, aire librean eta bestela Sastiñan. Udaleko kultura sailetik kudeatzen da eta estilo askotariko musika emanaldiak egiten dira.
Abesbatzak
Bixente Goikoetxea abesbatzak ibilbide luzea du eta ondoren sortu dira Papargorri umeen abesbatza eta Alaiak abesbatza.