Aramaio ezagutu

Kondairak

Kondaira ahozko edota idatzizko narrazio bat da, normalean egiatzat jotzen dena edo, behintzat, egian oinarritua edo egiazko konturen batean. Belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira, ia beti ahoz eta horregatik, sarritan gertatzen da elementuak aldatzea, zerbait kendu edo zerbait gehituz.

Jarraian biltzen ditugu Aramaion ezagutzen diren batzuk.

Ibabeko Berta

Bertsio ezberdinak daude Bertaren inguruan, luzeagoak eta motzagoak, sinpleak eta korapilotsuak. Baino oinarrian denak dute pasadizo bera. Erdi Aroan kokatzen dira kondairak, Aramaio jauntxoen menpe bizi zen garaian. Barajuen auzoan zuen, bailaran agitzen zuen familia honek, bere etxea. Aramaioko familia Muxika-Butroi familiarekin lotu zen Erdi Aroa aurrera joan ahala. Tradizioaren arabera lehen gaueko eskubidea (jus primae noctis) ia Aro Modernora arte aplikatu zen Aramaion.

Berta Ibabe baserriko alaba zen eta Barajuengo jauntxoak beretzat nahi bazuen ere, neskatilak ez zeukan amore emateko asmorik. Kondairaren arabera pasadizoa ezberdin kontatzen den arren, zabalduenetakoa honakoa da: Berta dorretxera eraman zutenean, jauntxoaren gelara baino ukuilura joan eta simaur artean murgildu zen. Jauntxoak zikin-zikin eginda topatu zuenean ia hil arteko jipoia eman zion. Batzuek kontatzen dutenez, Aramaioko herria, zeina ordurako jauntxoekin kokoteraino zegoen, altxatu eta jauntxoen menpe egotetik Arabako Anaiartean sartu zen (hau 1489an izan zen). Legendak eta historia nahasten dira kasu honetan. Hala ere, jauntxoak ez ziren desagertu. Jaurerri izatetik konderri izatera pasa zen, eta 1854era arte Aramaioko konde eta kondesak aurkitu daitezke.

          

Anbotoko Mari

Euskal mitologiako izaki nagusiena da Mari. Aramaion, Anbotoko Mari edo “Anbotoko Señorie” deitzen zaio. Kristautasunaren aurreko pertsonaia da; lurraren pertsonifikazioa dela diote askok. Anbotoren eta beste tontor ospetsu askoren artean bizi da: Aizkorri, Txindoki, Udalaitz... Hainbat kondairatan agertzen da. 

Aramaion, XX. mende bukaeran, bere begiekin Anbotoko Dama ikusi izana ziurtatzen zuenaren testigantzak ere jaso dira.

Ikusi aramaioar batzuk zer eta nola kontatzen duten:

Oleta auzoan panel informatibo baten Alex Mendikuteren Urkiola eta Arangio mendizerraren argazki baten ondoan, Paula Amilbururen bertso bat dago.

 

Oilarraren kondaira

Aramaio hedaduraz oso handia da, eta herri askorekin egiten du muga. Antza denez arazoak zituzten mugarriak direla eta ondorioz erabaki bat hartu zen: (Jesus Mari Elejaldek arduradun izan zuen , Ayer y hoy en el valle de Aramayona liburuan dago jasota kondaira hau). San Juan gauren bezperan, Aramaiorekin muga egiten duen herri bakoitzaren plaza nagusian korrikalari bat kokatu behar zen. Eguzkia irten eta oilarrak kukurruku egin bezain pronto korrikan irten behar zen korrikalaria. Aldi berean Aramaion, inguratzen dituen herri kopurua besteko korrikalariak zeuden Ibarrako plazan. Aramaioarrek tranpa egin eta kandela baten argiarekin eguzkia irten baino lehenago kantatu zuen oilarrak. Hori dela eta, Otxandioko korrikalaria Otxandioko harresitik irten zenerako, herriko sarreran zeukan Aramaioko korrikalaria. Istorio honek ez du informaziorik ematen inguratzen duen beste herriekin (Legutio, Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Abadiño, Atxondo eta Elorrio (herriak konfirmatu) zer gertatu zen.

Esaera batek dio Otxandiok eta Aramaiok lurrak banatzeko sistema bat adostu zutela: goizean oilarrak kukurruku egindakoan, bi pertsona, bakoitza bere herritik, irten eta tril egiten zuten lekuan jarriko zutela muga. Baina Aramaiotarrak oilarrari kandela ipini, lehenago abiatu eta Otxandio ondoraino heldu zen. Horregatik da hain handia Aramaio. Bestalde, aitak kontatzen zion behin hildako bat agertu zela Otxandio eta Aramaio bereizten duen errekan eta otxandioarrek Aramaio aldera bultza egin ziotela, kasuaz hango epailea arduratu zedin.

Beste kondaira, superstizio, sinesmen batzuk

Badira beste hainbat kondaira, superstizio eta sinesmen urteen poderioz desagertu edo apenak entzuten ditugunak. Baina gure aiton-amonentzat hitzetan bizirik daude oraindik. Lamiak; altxorraren kondaira; sorginak Untzillan, ezkutatutako altxorrak, Marixekako elezaharra, Uribarriko kanpandorrea, Torraldeko kondaira…

Hauek eta beste batzuk jasota daude ahotsak.eus webgunean, urte eta epe desberdinetan egin diren elkarrizketak oinarri hartuta.

Informazio praktikoa