Aramaio ezagutu

Bertsolaritza

Bertsolaritzak indar handia dauka Aramaion. Zaletasuna beti egon da herrian. Adibidez, 70 eta 80ko hamarkadetan ekitaldi batzuetara bertsolariak ekartzen zirela jakina da. Elkarte gastronomiko edo auzoetako ohitura da ere bada bertso afari edo saioak antolatzea.

Bertsozaletasuna Aramaioko Bertso Eskolaren sorrerarekin batu eta borobildu zela esan daiteke. Aramaioko Udalak eta Arabako Bertsozale elkarteak 1998. urtean bertso eskola sortzea adostu zuten. Hasieran taldetxo bat sortu zen, urteen poderioz bertso-talde ugari egon dira eta bertsolari, gai-jartzaile, epaile, irakasle, laguntzaile eta bestelako asko irten dira Aramaioko bertso eskolatik. Gaur egun bertso eskolako ikasle izan direnak dira irakasle eta hori horrela izan da azken urte luzeetan.

Arabako Bertsolari txapelketan ere fin dabiltza azken urte luzeetan bertsolari aramaioarrak. Andere Arriolabengoa Bengoa, Xabi Igoa Eriz, Paula Amilburu Izargarai, Peru Abarrategi Sarrionaindia eta Manex Agirre Arriolabengoa bertsolariak, adibidez, finalera sarritan heldu dira. Manexek bi txapel eskuratu zituen (2011 eta 2015) eta Peruk 2022koa. Horiez aparte, beste bertsolari asko eman ditu bertso eskolak: Iker Agirre Uribarren, Aitor Ugarte Eriz, Martin Abarrategi Sarrionandia, Danel Herrarte Nafarrate…

-

Informazio praktikoa