Anbulatorioaren gaur egungo egoera
Azken aldian, Aramaioko anbulatorioa dela eta izan diren gorabeherak kontuan hartuta, udal gobernua atzo elkartu zen egoera aztertzeko eta herriari dagokion informazioa emateko.
Lehenik eta behin, Aramaioko anbulatorioaren zerbitzua dela eta, momentu honetan bertako mediku titularra bajan dago. “Gure anbulatorioa Debagoieneko Ospitalearen parte da, eta bertatik eramaten dute eskualdeko kudeaketa. Beraiekin harreman zuzena dugu eta baja hau bere osotasunean betetzeko ahalegin guztiak egiten ari dira baina egoera honetan, gerta daiteke egunen batean edo bestean medikurik ez egotea. Horrelako kasu baten aurrean, ahalik eta hobeen betetzen ahaleginduko dira zerbitzua eta, behar denean, egoeraren berri komunikatuko da. Zentzu honetan, eskerrak eman nahi dizkiegu osasun langileei”.
Bestalde, atzo herrian agertu ziren pintaketak direla eta, “zerbitzuarekin eta bertako langileekin zerikusia duten pintaketa horiek ez ditugu ulertzen. Ez gaude ados gertatu denarekin eta uste dugu horrelako zentzugabekeriak kalte besterik ez diotela egiten gure herriari eta zerbitzuari; kalte soziala zein materiala. Nolanahi ere, argi utzi nahi dugu ez ditugula horrelako ekintzak onartzen”.
Aurrera begira, “orain arte bezala, zerbitzua mantentzeko, gure esku dauden, egin beharreko gestioak egingo ditugu eta dakigunaren berri emango dugu, momentu bakoitzean”.