Amaitu da «zertan oinarritzen dira indarkeria matxistak?» kanpaina
Azaroaren 25arekin amaitu da Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasuna sailak antolatu duen kanpaina.
Zertan oinarritzen dira indarkeria matxistak
Edukia errepasatuta, kanpainan zehar ikusi denbezala, indarkeria matxistak egitura konplexua du; izan ere, jarrera eta portaera sotilenak eta egunerokoenak dira muturreko indarkeria izatea ahalbidetzen dutenak, hala nola jendarteak gehien identifikatzen duena, fisikoa, sexuala edo erailketa.
Hala ere, ikusi dugu indarkeria matxista hainbat modutan eta hainbat espaziotan ager daitekeela. Forma horiek askotan gure begien aurrean erreproduzitzen dira familian, lanean, gure aisialdian, lagunartean, baina hain barneratuta daude ez garela gai horiek antzemateko.
Emakumeek eta gizonek jendartean duten posizioa desberdina da, egokitu zaigun sexuaren araberako genero-identitatearen eraikuntzaren ondorioz. Desberdintasun horiek gure kulturak eta sexuaren araberako lan-banaketak zehazten ditu, non emakumeak arduratu behar diren zaintza-lanez. Lan horiek, garrantzitsuak izan arren, gutxietsi egiten dira, ordainduak izan ala ez.
Indarkeria matxista, emakumeek bizitzako esparru guztietan jasaten dituzten egiturazko genero-desberdintasunetan oinarritzen dela ikusi dugu. Indarkeria hori, emakumeek jasaten duten desberdintasunaren beste adierazpen bat izateaz gain, desberdintasun hori mantentzeko eta sendotzeko gizarte-kontrolerako funtsezko tresna ere bada.
Kanpaina honen helburua jendartean eta gure egunerokotasunean normaltasunez onartzen diren indarkeriak identifikatzen laguntzea izan da, pertsona bakoitzak bere eragin-eremuan gauzak beste era batera egiteko aukera duela ikustea. Indarkeria matxistaren egiturazko dimentsioari erreparatuta, aurre egiteko bidea erantzukizun eta inplikazio kolektiboa da. Erantzukizun hori gauzatzeko, lehenik eta behin, indarkeria matxista egiturazko gaia dela ulertzea ezinbestekoa da.