Aintzinako argazkien erakusketa jarriko da kalean

 

Ostiralean, abenduak 20, inauguratuko da aintzinako argazkien erakusketa. Pedro Ignazio Barrutia kalean jarriko dira argazkiak eta bertan geratuko dira modu permanentean.

Aramaioko Udalak aspaldi jaso zituen argazki hauek eta beste asko, eta guztiak bilduta gordetzen dira artxiboan. Orain, kalitate gehien dutenak aukeratu dira, garbitu eta txukundu dira (Alex Mendikutek lagunduta) eta euskarri egonkor batean atera ondoren, kaleko paretan zintzilikatuko dira.

Txuribeltzean daude, pertsonak dira protagonista (batez ere emakumeak), eta gutxigorabehera metro karratu bateko tamaina dute. 1900 urtean atera zen argazki zaharrena eta Artabe (Barajuen) baserriko Juana da protagonista. Jarraian beste hainbat, auzoz-auzo jaso direnak: Azkoaga, Uribarri, Arexola,… Argazki bakoitzarekin, bakoitzari buruzko eta garaiari buruzko informazio laburra jaso da. Guztiarekin osatu da konposizio bakoitza.

Inaugurazio ekitaldia ostiralean egingo da, Pedro Ignazio Barrutia kalean, babes ofizialeko etxebizitzen inguruan. Arratsaldeko 17:00an hasiko da eta herriko elkarte ezberdinen parte hartzea espero da, ekitaldi xumea baina gertukoa izan dadin.

Albiste gehiago →