Adierazpena Aramaioko medikuak jasandako erasoaren aurrean

Hauxe da Udalaren adierazpena joan den astean herriko medikuak jasandakoaren aurrean:

“Aitor Montes medikua bajan dago joan den ostiraletik, Arrasateko larrialdietako zerbitzuetatik jasotako deiaren ondotik, haren lana euskara ez zen beste hizkuntza baten egiteko exijitzeagatik. Ez da lehenengo aldia horrelako gertaera bat jasaten duela Montesek.

Aramaioko Udalak salatu nahi du haren egoera eta gogorarazi zerbitzu publikoek euskararen erabilerari bide emateko betebeharra dutela, eta ezin direla onartu tankera  honetako jazarpenak gure berezko hizkuntza erabiltzeagatik.

Udalak bere bideak jorratuko ditu Montesen egoera salatzeko eta bat egingo du  gertaera honen aurrean antolatuko diren ekintzekin. Egoera hau konpondu bitartean, haren ordezko medikua lehenbailehen ekartzeko ere lanean jarraituko dugu”.