Aramaion agertu den ustezko lindanoari buruz

Aste honetan, Aramaioko udalerrian, ustez lindanoa duen bidoia bat agertu dela eta berarekin lotuta egin diren salaketen aurrean, Aramaioko Udalak gaiarekin lotutako hainbat aspektu argitu nahi ditu.

Udal honek irailaren 24an jaso zuen URAren errekerimendu bat bidoi horren berri emanez eta kentzeko aginduz hondakin urbanoa delako.

Bidoi hori, Udalarenak ez diren lurretan dagoela konprobatu zuen. Ia Legutioko mugan, Albina pantanoaren bueltan, hango zerbitzu gunearen bueltan.

Horrez gain, Udalak ez du horrelako hondakinak kudeatzeko baliabiderik, eta gainera hondakin hori ez da hiri hondakina. Edozein kasutan, ez dakigu lindanoa den edo ez, eta Udalaren abokatuarekin hitz egin ondoren, garbi adierazi digu horren kudeaketa ez dela udal konpetentzia.

Orain arte, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak lur jabeoi bakoitzak bere lurra egoki mantentzeko errekerimenduak egin dizkigu horrelako gauzen aurrean, beraz, URAren errekerimendua ulergaitza da, zentzu honetan.

URAz aparte, SOS Deiak-etik ere urriaren hasieran horrelako errekerimendu bat heldu zen udalera. Kasu honetan, koordenatuak gaizki eman ziren, eta hasieran beste kasu bat izan zitekeela uste bazen ere, bi eguneko epean konturatu ginen bidoi bera zela.

Ondorioz, Aramaioko Udalak Ingurumen Sailari eta URA Ur Agentziari eskatu die udalerrian agertu den ustezko hondakin toxikoa kentzeko behar diren kudeaketak egin ditzatela. Horrela jakinarazi zaie, urriaren 15ean, bai Ingurumeneko Sailari zein URA- Ur Agentziari igorritako idazkietan.

Albiste gehiago