Pinudien gaitzen aurkako tratamendu esperimentala

Arabako Foru Aldundiko Mendi sailetik Neikerrekin elkarlanean, pinudien gaitzen aurkako tratamendu esperimentala aplikatuko da.

Euskal Herriko mendietan, pinudietan bereziki, azken 2-3 urteotan gaitz ezberdinak azaldu dira, oso ondorio kaltegarriak eraginez. 2018tik 2019ra bitartean, Lecanosticta acicolak (Brown spot needle blight) eta Dothistroma septosporumek eta D. pinik (red band needle blight) eragindako gaixotasunen agerraldi handia izan zen Euskal Herrian, pinus radiata (Pinus radiata) eta larizio pinua (Pinus nigra) baso-azaleretan. Gaixotasun hauek aspalditik zeuden Euskal Herrian, baina, seguruenik, urte hauetan aldaketa klimatikoaren eraginez, gaixotasun horiek orain arte ezagutzen ez zen birulentzia bat erakutsi zuten.

Egoera honi aurre egiteko eta gaixotasun hauen hedapena gelditzeko asmoz, Arabako Foru Aldundiko Mendi sailak, NEIKERekin elkarlanean, pinuei eragiten dien xingola marroi eta gorriaren aurkako produktuak esperimentatzeko proiektua martxan jarri du. Proiektu honen baitan, Lurralde Historikoko gune desberdinetan tratamendu esperimental bat aplikatzea planteatu dute.

Tratamendu hauetan erabiliko diren produktuak NEIKERreko teknikariek zehaztu dituzte, eta Aramaioko udalak aztertu ondoren, erabiliko diren produktuak «bioestimulatzaileak» zein «jatorri organikoko ongarriak» direla ziurtatu da, ingurumenean kalterik eragingo ez dutela bermatuz. Aramaioko udalak tratamendu honetan erabiliko diren produktuen azterketa lanean, ERREZ baso kooperatibako teknikariekin kontrastatu egin du proposatzen diren bioestimulatzaileak ingurumenean kalterik eragingo ez dutela.

Hortaz, tratamendu esperimental hau uda honetan zehar aplikatuko da San Kristobal inguruko Aramaioko mendi publikoko pinudi konkretu batzuetan.

Azterketa hauen emaitza jasotzea eskatu du Aramaioko udalak, hortaz, udazkenerako tratamendu esperimental honen ondorioen berri izatea espero du Aramaioko udalak.

Aste hontan hasi dira partzelak markatzen eta guneak apur bat garbitzen. Datorren astean hasiko dira tratamendua aplikatzen.

Albiste gehiago →