Epe edota data gabeko hitzarmenak bertan behera geratu dira

Aramaioko Udal honek urte askotan zehar hainbat hitzarmen egin ditu herritar edo eragile desberdinekin, kasuan kasu, egoerak horrela eskatuta (udal bideen erabilerarako, ura,…). Eta oraindik ere egiten ditu nola ez.

Baina hitzarmenak ezin dira data gabekoak eta betierekoak izan, askotan sinatu duen partikularra bera ere hilda egonda hitzarmenak agertzen dira non nahi. Edota horrenbeste urte pasa dira non hitzarmenean jasotakoa ondo konpentsatu den bi aldeen aldetik eta jada ez daukan zentzurik.

Hala ere, orain arte kontuan hartu dira hitzarmenak bere horretan, baina lege bat atera zuten eta hauxe da diona berak:

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak (aurrerantzean, SPAJL), 8. xedapen gehigarrian, edozein administrazio publikok sinatutako indarreko hitzarmenak egokitzeko betebeharra arautzen du:

“8. xedapen gehigarria. Edozein administrazio publikok izenpetutako indarreko hitzarmenak egokitzea eta organismo eta erakundeak Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Erakundeen Inbentarioan inskribatzea.

  1. Edozein herri-administraziok edo hari lotutako edo haren mendeko edozein organismok edo entitatek izenpetutako indarreko hitzarmen guztiak hemen aurreikusitakora egokitu beharko dira hiru urteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
  •  Nolanahi ere, egokitzapen hori automatikoa izango da, hitzarmenaren indarraldiari dagokionez, 49.h) .1 artikuluan aurreikusitako arauak zuzenean aplikatuz, indarraldirik zehaztu ez duten hitzarmenetarako edo, egon arren, lege hau indarrean jartzeko unean isilbidezko luzapen mugagabea ezarrita duten hitzarmenetarako. Kasu horietan, hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango da, lege hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita.
  • Oharra: SPAJL Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urtebetera jarri zen indarrean, hau da, 2016ko urriaren 2an; beraz, xedapen hau betetzeko epea 2020ko urriaren 2ra artekoa da.”

Hau horrela izanda, bertan behera geratu dira datarik edo epea zehaztu gabe sinatutako orain arteko hitzarmen guztiak, berdin da zein den beraien arrazoia edo izaera.

Baten batek udal honekin horrelako hitzarmenen bat sinatuta baldin badauka, eta uste baldin badu oraindik ere indarrean egon beharko litzakela; hitzarmena sinatzearen arrazoia gaur egun ere indarrean dagoelako; edota ez delako behar besteko urte kopurua pasatu sinatu zenetik konpentsatua geratzeko; edo beste pisuzko arrazoiren bategatik; egin dezala udaletxean eskaera ofizial bat, hitzarmen zaharra eta hau berrizteko arrazoiak aurkeztuz eta kasu bakoitza aztertuko du Udalak.

 

Albiste gehiago →