Interes publikodun espediente hasiera publikatu da, haizea neurtzeko dorre bat muntatzeko

Astelehenean (apirilak 12) ALHAOn argitaratu zen 8.poligonoko 142B partzela interes publikoduna izendatzeko espediente hasiera. Honen arrazoia da enpresa batek bertan haize neurgailu bat jarri nahi duela, inguru horretan parke eoliko bat jartzen aztertzen ari direlako.

Aixeindar S.A enpresak, Iberdrola eta EVEk (Eusko Jaurlaritza) osatzen dutena, udal honetan neurgailu hori jartzeko baimena eskatu zuen; eta horretarako partzela hori interes publikodun izendatzeko tramitea hasteko eskaera ere egin zuen. Udalak, legeak horrela behartuta, Arabako Foru Aldundira bidali zuen enpresa honen eskaera interes publikoa Aldundiak erabakitzen duelako. Orain, 20 eguneko epea eman du Foru Aldundiak honi alegazioak jartzeko.

Alegazioak ez balira egongo edo daudenak ez baldin balira onartuko, interes publikoduna izendatuko da partzela eta neurgailua jarriko da. Neurtutako emaitzak onak badira, badirudi enpresa honek, interes publikoaren izenean, eta udalerria eta honen iritzia galdetu edo kontuan izan gabe, parke eoliko bat jartzeko intentzioa gauzatuko duela.

72/2021 Foru Agindua:

Zehazki, hauxe da xedatzen dena:
Lehenengoa. Hasierako onespena ematea Aramaioko udalerriko 8 poligonoko 142 B lurzatian, lurzoru urbanizaezinean, 81 metroko garaiera izango duen dorre bat muntatzearen bidez haizea neurtzeko Arlaban-3 estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektuaren interes publikoaren adierazpenaren espedienteari. Proiektu hori Aixeindar SA sozietateak sustatu du.
Bigarrena. Espedientea jendaurrean jartzea, hogei egunez, foru agindu hau ALHAOn argitaratzen denetik aurrera. Epe horretan, nahi duen orok egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango ditu. Interesdunek Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Zerbitzuan azter dezakete espedientea.

Agindua osorik irakurtzeko: 72/2021 Foru Agindua

Albiste gehiago →