Aurten ez da Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldi publikorik antolatuko

Guraso elkarteak honako mezua kaleratu du Olentzero eta Mari Domingiri buruz:
«Dakizuenez, urtero guraso elkarteak antolatzen du Aramaion Olentzero eta Mari Domingiri harrera egiteko ekitaldia. Aurten, aldiz, Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, jende pilaketak dakartzaten jai-giroko eta Gabonetako ekitaldiak bertan behera geratzen dira. Ondorioz, ezingo dugu Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldia antolatu abenduaren 24an.
Baina, horrek ez du esan nahi Aramaioko haurrek ez dutela izango aukerarik Olentzerori beraien gutuna emateko. Aurkitu dugu irtenbidea, eskolarekin elkarlanean! Nola egingo dugu orduan aurten?
Dakizuen bezala Olentzero eta Mari Domingi eskolara etortzen dira urtero haur txikienak agurtzera eta beraien geletako eskutitzak jasotzera. Beraien bisita hori aprobetxatuko dugu, gelako gutunak jasotzeaz gain, haur bakoitzarenak ere jasotzeko. Saku handi bat jarri da eskolan haurrek eskutitza bertara bota dezaten.
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 21ean, astelehena, pasatuko dira eskolatik, beraz, gogorarazi haurrei, mesedez, astelehenean gutuna eskolara eramatea.
Azken ohar bat emateko aprobetxatu nahi dugu mezu hau: Covid-19ak dakartzan prebentzio neurriak direla eta, astelehenean gurasoak ezin gara eskolara joan.
Amaitzeko, Olentzero eta Mari Domingik bideo bat grabatuko dute eta laster partekatuko dugu guztiokin.
Besterik gabe, gabon zoriontsuak opa dizkizuegu Guraso Elkartearen partez!
Ondo izan eta zaindu!»

Albiste gehiago