Formakuntza feminista: «Gorputzak erdigunera!»
Datorren abenduaren 11n eta 12an egingo dira formakuntza saioak Aramaioko kultura etxean. Interesa dutenek aurretik eman beharko dute izena, abenduaren 9a baino lehen, honako helbidera mezua bidalita: berdintasuna@gorbeialdea.eus
Gorputzak erdigunera!
Gorputzera itzultzeko apustua da gurea, hau ezagutu eta aitortzeko (ere). Bide honetan ez gara lehenak, 70. hamarkadan 23 eta 39 urte arteko hamabi emakumek beraien gorputza erdigunean kokatu, eta praktika bidez sortutako jakinduria askapenerako tresna moduan erabili zuten. Gai zerrenda bat osatu zuten, ordura arte informaziorik jaso ez zuten edo jaso bazuten gorputzak mespretxatzen zuten gaiekin hain zuzen, honela ikerlanaren bidea zehaztuz. Beraiek Boston-eko Emakumeen Kolektiboa ziren (Womens Health Book Collective). Aitzindariak indibidualki (ere) aitortzeko kolektiboki behatzen eta beraien ikerketak sistematizatzen. Ondoren, beste askok irekitako bideari jarraipena eman zioten eta guk, munduko txoko honetan, gure testuinguru zein denbora aintzat harturik, erreleboa hartu nahi izan diegu.
Emakumeen gorputzak (eta oro har ez-zis-gizonenak) agente arrotzen gatazka eremu izan dira eta dira. Agente hauen artean gorputzen gainean legeak sortzen dituzten gobernuak, talde kontserbadore eta erlijiosoak, medikuntza hegemonikoa, farmazeutiken industria eta azken finean kapitalismo neoliberal tanatopolitikoa kokatzen ditugu. Agente hauek guztiek gorputzen gain kontrola ezartzeko joera dute, eta maila handi batean kontrolatzen dute. Aipaturiko guztiak zeharkatzen ditu gure bizitza eta gorputza testuinguru honetan bizi garelako.
Emakume haiek sentitu zituzten beharrak auto behaketa, beraien gorputzekiko esplorazioa eta ikerketa martxan jartzeko, gaur egun XXI. mendean ditugun beharren berdinak dira. Izan ere gorputz periferiko eta/edo bulbadunen gaineko ikerketa eta praktika zientifiko ez inbasioen inguruan ez da aurrerapauso handirik eman. Honek guztiak proposamen hau berreskuratzera eraman gaitu, sinplea bezain sakon eta iraultzailea kontsideratzen duguna.
Helburuak
Gure proiektu-proposamenak lehen mailako xede hauek aintzat hartzen ditu eta berau gidatu:
- Gorputza erdigunean
Gorputzera itzultzea iraultza sakona dela ulertzen dugu. Mendeetan zehar gurekiko erbesteratuak izan gara ideia produktibisten mesedetarako. Hauek noski, ez dituzte gure behar eta desirak errespetatu.
Hilerokoaren zikloa eta auto-kudeatutako ginekologia abiapuntutzat dituen ikerketa eta auto-behaketa hauek, gure gorputzera itzultzeko bide bat ireki digute. Interes arrotzen aurrean norbera lehenestearen beharra mahai gaineratu nahi dugu.
Gorputzera doan bide hau era kolektibo eta indibidualean egitea proposatzen dugu. Bakoitzaren sentipen eta bizipenak aitortu, egiaztatu eta alderatu ahal izateko, gure saioan gehienbat taldean egiten dugu lan baina jakitun gara esperientzia hau bide luzeago baten atal bat dela, norbanakoaren intimitatean zein honen arira sortu daitezkeen espazio kolektibo berrietan jarraituko duena.
- Auto-ezagutza, plazeretik
Gure gorputz aldakorrak plazer ludikotik behatu ahal izatea da gure proiektuaren planteamendu gorena. Uste dugu abiapuntu hoberena dela hau, oso barneraturik ditugun epaiketa eta/edo konparaketak alde batera uztea ahalbidetzen duelako.
- Esperientzia propioa berreskuratu (eta aitortu)
Bizitzan zehar jasandako egoera eta bortizkeria anitzi izena jartzeko, gertatutakoa sinesteko, eta interpretatzeko tresnak falta zaizkigula uste dugu. Honegatik, berebiziko garrantzia du esperientzia hauek besteekin balioztatu ahal izatea gure bizitzan integratu ahal izateko, ikustarazteko eta era guztietako zauriak partekatu ahal izateko.
- Jakinduria era kolektiboan sortu (jakinduria eremu balioztatuetatik
Lehen puntuan adierazi dugun moduan, era kolektiboan eraikitako jakintza da errealitate guztiak aintzat hartu ditzakeen bakarra. Bide honetan, gure proposamena da ikertzen eta egindako bidea partekatzen jarraitzea. Gainera, jakinduria eremu ez-instituzional edo ofizialki “balioztatu” gabeko askotatik (ere) sortu daitekeela egiaztatu nahi dugu.
- Sistema mediko eta beste sistema kapitalistetatik haratago Sarreran aipatu dugun moduan, gure gorputzak kapitalismo eta
kultura neoliberalak zeharkatzen ditu bertan murgildurik bizi garen heinean. Biziera berriak aurkitzera eramango gaituzten tresnak aurkitu eta partekatuko ditugunaren konfiantza dugu. Kolektiboan sortu, gure artean ikertu eta informazioa alderatzea kapitalismotik haratago kokatzen den baliabide bat dela ulertzen dugu.
- Esentzialismorik ez
Bulbadun emakume eta zakildun gizon errealitateetatik haratago gorputz eta auto-pertzibitutako identitate anitz daudenez, ez dugu desira gure proposamenak genero kategoria arautuak eta emakumetasunaren eraikuntza kulturala elikatu dezan. Honegatik, gure praktika eta ikerketak identitate eta gorpuzkera periferikoak, hau da ez-zis-gizonen gorputz eta identitateak, barnebiltzeko erronka jasotzen du.
- Normalizatutako mina(k)
Konfrontazio edo gatazka lurralde izateak, beti jartzen gaitu mingarriak diren praktiken bidean (gure gorputzetan jasaten ditugunak, bai fisikoak baita sinbolikoak direnak). Beraz, beste helburuetako bat da ere honentzat alternatibak aurkitzea eta mina normalizatuta ez duten bideetatik ibiltzea arrakalak sortuz.
- Egiak kuestionatzeko eta ziurgabetasunak jasotzeko bidea
Gorputz periferikoen inguruan daukagun informazioa oso urria, partziala, alderdikaria eta ziurtasun gutxikoa da, mamografiak, VPH-a, pilula bidezko antisorgailuak, etab. esaterako. Beraz, bide honetan dauden ziurgabetasunei tokia egin nahi diegu eta egiak kuestionatu.