Jubilatuen eguna zapatuan

Zapatu honetan, urriak 29, urriko azken zapatua, urtero bezala Jubilatu eguna ospatuko da Aramaion.

Ostiral arratsaldean animalien kaiolak prestatzeko parke pareko kale zatia itxiko da. Azoka larunbat goiz-eguerdian izango da Nardeagako kalean zehar eta bertan hainbat postu izango dira, herriko 20 postu eta kanpoko 30 postu.

Animali azokaren kasuan, aurten zoritxarrez ez da oilorik egongo, hegazti-gripe kasuren bat medio Foru Aldundiak debekatuta dauka momentu honetan. Bestalde, herritar batek zein bestek interesa eta gogoa adierazi duten arren behiak ekartzeko beste urte batzuetan bezala, arauak asko zorroztu dituzte eta zoritxarrez ezinezkoa izango zaie behiak ekartzea. Baina astoak, behorrak, ardiak eta ahuntzak ekarriko dituzte 12 herritarrek.

Meza egongo da San Martin elizan Bizente Goikoetxea abesbatza eta Papargorri abesbatzaren laguntzaz.

Eguraldi ona aurreikusten da eta urtero bezala, Ibarrako elkarteek salda eta mokadutxo batekin hartuko dituzte nahi duten jubilatuak, herriko trikitilari eta dantzariek girotuko dituzte kaleak.

Horretaz aparte, eguerdiko 12:00etan Sastiñan herriko artista desberdinen margolanen erakusketa ere inauguratuko da.

14:30etan izen eman duten herriko jubilatuek bazkaria izango dute kiroldegian eta ostean opari ezberdinak zozketatuko dira eguna borobilduz.

Eta nola ez, Jubilatu eguna dela eta, herriko emakume eta gizon nagusienei oroigarri bana emango zaie hauek omenduz. Aurten Fermin Etxebarria Elorza, Arraga auzokoa, eta Eustakia Agiriano Zuazua, suñarra.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie egun hau posible egiten duten guztiei eta zapatuan egunaz gozatzeko gonbidapena egiten die nahi duten guztiei.

Albiste gehiago →