102.321,26 euroko dirulaguntza Aramaioko ur hornidura sarean ihesak kontrolatzeko

Aramaioko ur hornidura sarean ihesak kontrolatzeko dirulaguntza jaso da.

Uraren kudeaketa egokia eta haren kontrol eraginkorra etengabeko arreta eskatzen duten erronkak dira.

Uraren ziklo osoan teknologia modernoak erabiltzeak aukera ematen du haren kudeaketa hobetzeko, errendimendua optimizatzeko, banaketa-sareetako galerak murrizteko eta plangintza hidrologikoak nahiz nazioarteko akordioek ezarritako ingurumen-helburuak betetzeko bidean aurrera egiteko.

Aramaioko Udalaren eta URAren (Uraren Euskal Agentzia – Eusko Jaurlaritza) artean sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, Europar Batasunak finantzatutako NextGenerationEU programaren barruan dagoen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, hainbat jarduketa garatuko dira egungo edateko uraren hornidura-sarearen errendimendu egokia lortzeko.

Aurreikusitako jarduketak honako hauek dira:

  • Ur-hornidurako sareen digitalizazioa, sarea osatzen duten elementuei buruzko informazio fidagarri eta eguneratua eskuratzeko aukera emango duena.
  • Ur-hartuneetan emari-neurgailuak ezartzea, une oro hartutako emaria dagoen kontsumo-beharrizanetara egokitu ahal izateko.
  • Kontrol-kontagailuak jartzea ur-hornidurako sareko puntu jakin batzuetan; horri esker, sarea sektoreka banatu ahal izango da eta ihesak modu errazago eta azkarragoan lokalizatu ahal izango dira.
  • Biltegietako azpiegituren digitalizazioa, edateko uraren hornidura-ziklo osoa kontrolatu, monitorizatu eta digitalizatzeko helburuarekin.

Jarduketa horiek guztiek 191.373,60 euroko inbertsioa ekarriko dute, eta horretarako 102.321,26 euroko dirulaguntza lortu da.

Albiste gehiago →